XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ETBrik gabeko txapelduna

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak eman dizkigun lekzioen artean badaude azpimarratu beharrekoak.

Lehen aldiz bertsolaritzaren historian kintopeko hiru bertsolarik osatzen dute txapeldunen triunbiratoa: Unaik, Eztitxuk eta Aitorrek.

Azken honek zera frogatu du, motzean behinik behin, txapelketa batera joan eta dozena bat bertsoko saioan, beterano gutxik egin diezaieketela itzalik.

Zalantza bat gelditzen zaio, ordea, bertsozaleari: gauza ote dira hogei urteko bertsolari txapeldunok bertso-afari batean Lizaso batekin, espezialista bat aipatzearren, hiruzpalau orduz jo eta ke aritzeko?

Askok baietz uste dute.

Honek guztiak zera frogatzen du, eskola bizitzaren antizipazio izan daitekeela, eta taberna giroan aurreko belaunaldiak bospasei urtetan burutu zuen lana belaunaldi gazteak laborategian azkarrago logratzen duela.

Horien bertsoek (plastikopeko igaliek bezala) ez dute zapore bera izango, baina estimazio hobea izango dute hala ere.

Alabaina, eman du txapelketak bigarren lekzio bat.

Mendiluzek egindakoa ez zatekeen sorpresa izango, baldin eta urte honetan zehar ETBko kamarak saioz saio bertsolaritzaren nobedadeak kubrituz ibili izan balira.

Delako 300 bertsozale enteratuk bazekiten Aitorren berri.

Baina telebista bidez bertsolaritza segitzen zuten bigarren mailako bertsozaleek ez.

Urtebete da Joxerra Garziaren programa hil zela.

Badakit ondoren ez dela bertsozaleen protesta mendrerik ere izan.

Horrelakoa da telebista kontsumitzailea: intsolidarioa, anonimoa eta dispertsoa.

Horiek ez dira pankarta bat eskuetan dutela Miramon gainera igoko.

Baina, seguru nago (adiskide artean inkesta pertsonalak egin ditut) eskertuko luketela berriro programa bera edo antzeko bat ETBren antenan jarriko balute.

Joxean AGIRRE